Xabiertxo, 1925-2015, 90 urteko ibilbidea

kzjaia3_banner

Xabiertxo, haurrentzako irakurketa liburuak aurten 90 urte beteko ditu. 1925ean argitaratu zen Tolosako Lopez’tar Eusebioren Etxean, hain zuzen, Ixaka Lopez Mendizabal, liburuaren egilearen aitaren inprentan. John Zabalo Txiki, ilustratzaileari zor zaizkio, berriz, Xabiertxoren irudi dotoreak.

xabiertxo-1932_5712_11

Lopez Mendizabal kultur eragile, idazle, euskaltzale eta EAJko politikaria, II. Errepublika garaian, 1931n, Tolosako zinegotzi izan zen eta Gerra Zibila hasi zenean Tolosatik alde egin behar izan zuen, lehendabizi Frantziara eta gero Argentinara.

Xabiertxo, ezagutza orokorreko liburu ilustratu bat da.  Haurrentzako egindako entziklopedia honen neurriak, 20×43 cm dira, 143 orrialde ditu eta irudi koloredunak. Liburuaren azaleko Txikiren irudiak, errusiar matriuska panpinak gogoratzen ditu, Xabiertxo mutiko ilehoria txapela eta galtza urdinekin banku gorri batean eserita Xabiertxo liburua irakurtzen ari da.

Testuen edukiari dagokionez, argitaratua izan zen garaiko testuinguruan kokatua dago. Elementu nagusiak, familia, erlijioa eta heziketa dira. Hiru ardatz horien inguruan osatuko dira liburuaren gaiak, bereziki, natura, zientziak, letrak, artea eta kirola.

Xabiertxoren argitalpenek ibilbide luzea izan dute 1925etik gaur arte, klandestinitatea, faksimilak, euskarazko bertsioak, edizio digitalak, denetarik ezagutu izan dute. Tolosako Lopez’tar Eusebioren Etxea inprentan egin zen lehenengo argitalpen haren ondoren beste zortzi argitalpen ezagutzen dira. Ixaka Lopez Mendizabalen Xabiertxok Euskalerriaren Alde aldizkariak 1923an antolatu zuen lehiaketa irabazu zuen eta handik bi urtetara, 1925ean Eusko Ikaskuntzaren laguntzarekin argitaratu zen. 1932an, II. Errepublika garaian, bigarren argitalpena egin zen, hau ere Tolosan, Lopez Mendizabalen inprentan. Edizio osatuago hau, hurrengoen eredu bihurtuko zen. Hirugarren eta laugarren argitalpenak, Buenos Airesen egin ziren, Lopez Mendizabal familiaren erbestealdiko urteetan. 1941ean, Ixakak Xabiertxo atalka argitaratu zuen Euzko Deya La Voz de los Vascos en América aldizkarian.  Euzkotarren Aldeko Alkartasuna eta Euzko-Deya aldizkariak bultzatua izan zen,  eta aurreko edizioek baino orrialde gehiago izan zituen, guztira 177, hain zuzen, gaztelaniazko hiztegia gehitu zitzaion irakurketa erraztu ahal izateko.

Hurrengo bi edizioak, bosgarrena eta seigarrena Bilbon egin ziren. Aldaketak daude, alde batetik azaleko Xabiertxoren irudia, ez dago eserita eta irakurtzen, orain agertzen zaigun irudia oinez doa. Bostgarren edizioa, 1959koa da, Karmeldar aldizkariaren separata moduan kaleratu zen, atalka, karmeldarren aldizkariari grapatuta. Gráficas Bilbao inprentan egin zen, Lege Gordailu zenbakia dauka: BI-1.155-1959 eta 139 orrialde. Seigarrena berriz, Aita Onaindiaren bizkaierazko bertsioa, 1965koa da, Gráficas Bilbao inprentakoa, Lege Gordailu zenbakia da: BI-2.113-1965 eta 138 orrialde ditu.

Xabiertxo bizkaieraz

1967an edizio berri bat egin zen Donostian, Litografía H. de M. Alvarez Iraola delakoan, Zarautz hiribideko 51n. Argitalpen hau Ixaka eta Xabier Lopez-Mendizabal aita-semeak bultzatu zuten, erbestetik etorri berritan.

Handik urte batzuetara, Xabiertxo jaiotetxera itzuli zen, Tolosara. Lopez Mendizabal familia exiliotik bueltatu ondoren, inprenta berriro zabaldu zuten Conde de Ibar kalean. Xabier Lopez-Mendizabal Olano,  Ixakaren semeak, 1970ean aitari omenalditxo bat egin nahian argitaratu zuen. Bi edizio daude, biak dira 1932ko edizioaren faksimilak, batek 144 orrialde ditu, eta besteak gehigarri bat dauka, 38 orrialdeko hiztegiarekin.

Azkenik, 2003an Abarka argitaletxeak hamargarren edizioa egin zuen Andoainen, 1970 edizio laburraren faksimila. Sarreran argitaletxeren oharra eta Xabier Lopez-Mendizabal Olanoren hitzaurrearekin.  Bertan aipatzen da, 1979an Xabiertxoren ale bat Boloniako Nazioarteko Gazteen Liburu Erakusketan egon zela.

XXI. mendean Xabiertxok aurrerapauso bat ezagutuko du, 1925 eta 1932ko argitalpenak digitalizatu egingo dira eta Interneten egongo dira eskugarri. Gaur egun, hiru Liburutegi Digitaletan aurki dezakegu, Eusko Jaurlaritzaren Liburuklik webgunean, Koldo Mitxelena Kulturunearen Liburutegi Digitalean eta Sancho el Sabio Fundazioaren Euskal Memoria Digitalean.

Horretaz gain, erakusketak ere aipatu behar dira. Lehen aipatu den Boloniako erakusketaz gain, Eusko Legebiltzak eta Sancho el Sabio Fundazioak elkarlanean antolatu duten Gure Xabiertxo erakusketa. Xabiertxok 90 urte bete ditu 2015ean, eta jaio zen garaian bezain bizi jarraitzen du.

xabiertxo_erakusketa

Sarrera honek #Kultura Zientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du.

Post hau Irakurketa atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Xabiertxo, 1925-2015, 90 urteko ibilbidea -ri erantzun bat

  1. Nere postekin loturak: Oihartzun blogaren 2015eko laburpena | oihartzun

Utzi iruzkina